Galdera erantzunak

ArnasaLuzea zer da?

Sinetsirik gaude euskal kazetariak eta kazetaritza bera bultzada egokiaren beharretan direla, eta ArnasaLuzea (AL) deitu diogun crowdfunding plataforma hauxe izan daiteke hori egiteko moduetako bat.

Kazetari eta komunikatzaileei  euren lana egiten eta argitaratzen laguntzeko asmoak xaxatu gaitu. Arnasa luzeko kazetaritza bultzatu nahi dugu horrela, kontakizun landu eta borobildua, eguneroko informazio-agenda azkarretik urruti egin ohi den hori: erreportaje handia, kronika landua, ikerketa kazetaritza…

ArnasaLuzea norentzat da?

Funtsean, kazetari lanen bat egin nahi baina ezinean dabilen kazetari gazteari bideratuta dago ArnasaLuzea, baina beteranoagoek eta proiektu interesgarri guztiek dute tokia. Bestela euskaraz egingo ez liratekeen erreportajeak, kronika, elkarrizketa eta arnasa luzeko bestelako idazlanak gauzatzea du xede.

Nola dabil ArnasaLuzea crowdfunding plataforma?

Kazetariak bere burua aurkeztu ondoren, zein lan egin nahi duen kontatuko du ahalik eta zehatzen: gaia, tratamendua, diru-beharra, etc.

Jasotako eskaerek kazetaritza ikuspegitik interesa ote duten aztertu ondoren, ZuZeu arduratuko da jarraian proiektuak behar duen finantziazio lortzen, bai crowdfunding bidez, eta baita bere gizataldea diru bilketan sartuz. Gainera, kazetari gazteak nahi duen aholkularitza guztia jasoko du ZuZeuko erredakzioaren aldetik bere kazetari lana aurrera ateratzeko.

Lanak orainkarian argitaratzeaz gain, ahalik eta gehien zabaltzen saiatuko da ZuZeuko lan taldea, baita paperean eta beste euskarrietan ere, ahal izatera.

 

– Kazetariarentzat edo proiektu bat aurkeztu nahi duzun horrentzat –

Zer egin behar dut ArnasaLuzea plataforman proiektu bat martxan jartzeko?

Orrialde nagusian izena emateko aukera izango duzu. Garrantzitsua da hori egin eta zure soslaia ahalik eta gehien osatzea. Hartara, zure proiektua lagunduko dutenek zure lana, ibilbide profesionala, zure asmoak eta abar ezagutu ahal izango dituzte.

Horren ostean, ‘Kanpaina sortu’ atalera jo eta bertan zure proiektuaren nondik norakoen berri eman beharko duzu. Ezinbestekoa da ahal beste xehetasun ematea. Gero eta argiagoa eta zehatzagoa izan, orduan eta errazagoa izango da ekarpenak jasotzea.

Bi pausu horien ostean, AL-n zure proiektua begiratuko dugu. Jarri gurekin harremanetan, baliteke zenbait galdera, zalantza edo proposamen egitea, proposamena erakargarriagoa egiten laguntzeko asmoz. (Harremanetarako erredakzioa@zuzeu.com eta arnasaluzea@zuzeu.com)

Zure kanpaina onartua denean, finantzazio fasea hasiko da.

Ekarpenak anonimoak  dira?

ArnasaLuzean diru ekarpenak erabat anonimoak dira, eta ezingo duzu jakin dirua nork eman dizun, gutxienez, zure lana amaitu eta webgunean argitaratzen den arte. Neurri honek kazetariari presioa kentzea du helburu.

Lana amaitu duzunean ekarpena egin dutenen artean euren izena jakinarazi nahi dizutenen kontaktua jasoko duzu, eskerrak emateko eurekin harremanetan jartzeko aukera ere izan dezazun.

Halere, kontutan izan ZuZeuko komunitateari zuzendutako proiektu bat gauzatzeko finantzazio laguntza eskaera egiten ari zarela, guk komunitatearekin harremanetan jartzeko plataforma eskaintzen dizugula besterik gabe, trukean zer eskaini dezakezun ere pentsatu beharko duzula, inork laguntzerik nahi baduzu.

Eta nire kanpainak, epea amaitu baino lehen behar duen diru kopurua eskuratzen badu?

Kasu horretan, finantzazio kanpaina eten egingo da eta lanean hasteko aukera izango duzu.

Kanpaina batek helburutzat duen kopurua baino diru gehiago jaso dezake?

Oro har, ez. Dena den, zenbait kasutan, liburu edo dokumental oso bat badute helburu, posible izango da, aurretik hitzartutako kondizioen arabera beti ere.

Zeren araberakoa da finantzazio epea?

Proiektuaren beharren eta aukeren araberakoa. Hala ere, kutxa-erakundeek 40 eguneko epea jartzen dute baldintzapeko ordainketa sistementzat, eta hortaz, printzipioz epea horren araberakoa aurrikusten da. Bestela zailagoa litzateke ekarpena egin dutenei dirua itzultzea proiektua bertan behera gelditu ezkero.

Edonola ere, hiru aste eta hilabete bitarteko epea ezartzea gomendatzen dugu.

Bada ekarpenentzako mugarik?

Plataformak ez du mugarik ezartzen erabiltzaileen ekarpenei dagokionez. Horrenbestez, pertsona orok nahi duen kopurua eman dezake proiektu batek aurrera egin dezan.

Ordaindu egin behar dut ArnasaLuzean kanpaina bat abiatzeko?

Ez.

Zer gertatuko da dirua hartu bai, baina ez badut agindutakoa betetzen?

ArnasaLuzeak beste edozein hedabideren gisan funtzionatzen du. Kazetaritza lanen ordainketa lanak gauzatutakoan egingo da, ez lehenago. Horrenbestez, zure proiektua amaitu arte ez duzu dirua jasoko.

Finantzazio berezia eta aurretikoa behar duen proiektua bada zurea, hala egiteko aukera izango da, baina proiektua amaituko duzun bermearekin.

Baldintza hauek beteko ez bazenitu epaitegietara jo beharko genuke, eta horrez gain ekarpenak egin dituen orok ere gauza bera egiteko aukera izango luke.

Nire lana zuzenduko du inork?

ArnasaLuzean lan talde txiki bat dugu, ZuZeu kudeatu eta plataforma hau kudeatzeaz ere arduratzen dena. Haiek izango dira zure lanak begiratu eta iturriak fidagarriak direla egiaztatuko dutenak. Aholkularitza profesional jasotzeaz batera prozesu horretan lan taldeko kideren bat zurekin harremanetan egongo da egiaztapen horiek egiteko. Informazioaren zati bat oso zalantzagarria edo susmagarria iruditzen bazaigu, zati hori lanetik kentzeko aukera izango dugu.

 

– Irakurlearentzat –

Ezinbestekoa da ekarpena egitea ArnasaLuzean sartzeko?

Ez. Plataforma irekia da gurea, eta edonork goza ditzake bertako edukiak. Dena den, zure ekarpenak dira kazetari askorentzat euren proiektuak aurrera eramateko modu bakarra, eta zure laguntza eskertuko dute.

Nola lagundu dezaket proiektu bat?

Finantzazio fasean dagoen edozein proiektu edo kanpaina lagun dezakezu, zuk nahi duzun ekarpena eginda. Kopurua ez dago aurrez zehaztua; zure aukera da. Kreditu txartelarekin edo PayPal bidez ordain dezakezu.

Zer jasoko dut trukean?

Batetik, kazetariaren proiektua gauzatu dela ikusteak ematen duen satisfazioa, eta baita kalitatezko edukiek hornitutako webgunea ere. Bestalde, kazetari bakoitzak ekarpenak egiten dituztenei ordainsari edo oparia eskaintzeko aukera izango du, dela liburu bat, dela DVDa…

Jakinaraziko didazue lagundu dudan proiektua amaitzen denean?

Automatikoki jakinaraziko dizugu e-mail bidez proiektuaren inguruko albisteren bat dugun aldiro. Eta nola ez, baita lana publikatzen dugunean ere.

Nire ekarpena modu anonimoan egin dezaket?

Bai, noski. Ekarpenak anonimoak dira oro har. Kazetaritza lanak amaitu eta argitaratu ostean, hala nahi dutela adierazi dutenen izenak jasoko ditu kazetariak, eskerrak emateko aukera izan dezan.

 

Cookie erabilera

Bisitaren jarduera jarraitu eta erabilera esperientzia hobetzeko cookiak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu gure cookien politika onartzen duzula esan nahi du.